LUHUSOKO HISTORIA
Luhusoko historia XVII. mende hastapenean hasi zen.
1604an, 26 etxe zeuden, partikular batzuenak, baina ezin daiteke erran Makea edo Lekornekoak ote ziren.
Berantago, 1628an, Luhuso deitzen zen auzo horretako biztanleek apezpikuari galdatu zioten eliza baten eraikitzeko baimena.
1691n Luhusoko parrokia sortu zen.
Eliza 4 urratsetan eraiki zen 1626tik 1674ra. Apezpikutegiak 1933ko ekainaren 17an afera trenkatu zuen eta ordenantza bat argitaratu: etxe batzuk Luhusoko parrokiari lotu zituen eta besteak Makeari.
Luhuso bidegurutze batean da: mendiz inguratua den lehen herria da. Alabaina Baigura (897 m) eta Urtsua (778 m) mendien erdian da, eta Lapurdi eta Baxenabarreren mugan.
Herri ttipienetako bat da (7,35 km²), eta 521 biztanle zituen 1990ean.
Luhusoko mendixketan (Olhasso, Harrixurieta, Galbarioa, Costaitsia…) iturri franko bada. Iturri nagusia La Mouline deitzen da eta iturria Lekornen du. Errobiren ibaiadarra da, eta 8,600 km luze da, eta hartara Harnabarrea auzoan isurtzen da.
La Mouline errekak zenbait mendez energia aski eman zuen 3 bihi eiheraren eta kaolina porroskatzeko zenbait lantegiren ibilarazteko.
Irrituenia eihera
IRRITUENIA La Mouline erreka bazterrean kokatua den etxe handia da, eta tokiko artxiboetan 1838az geroztik baizik ez da eihera gisa seinalatua; ez bihiaren ehotzeko, baina kaolina porroskatzeko bai eta Galbariotik atera feldespatoa. Ondotik tokiko harrobietatik (Harrixurieta) atera kaolinarekin nahasten zen.
Feldespatoak eta kaolinak prestaketa pasta bat osatzen zuten portzelanaren edo faiantzaren fabrikatzeko.
Irritueniatik hurbil lantegi bat eraiki zen prestaketa horien egiteko, eta Limogesera eta Espainiara igortzen ziren portzelanaren egiteko.
Lantegi hori 1971n gelditu zen; 140 langile ari ziren han lanean 1939 aitzin Kaolin eta Feldespato Sozietatearentzat.